Zorionak neskak! Playoffetara!


Araskik aukera ugari zituen playoffetarako bidea osatzeko, eta zorionez, azkeneko jardunaldi honetan, justizia egin da. Urte oso baten lanaren fruituak jaso ditu gaur Araskik, eta sari puska batekin bukatu egin du liga erregularra. Orain aurretik daukatena sariaz gozatzea da, bereziki zalegoa, Girona Gasteizen berriro ere ikusteak merezi du eta.

Cadi la Seu bezalako talde bat et Araski bezalako baten benetako aldea zein den ikusi dugu gaur. Cadik 11 jokalari erabili ditu, gehien jokatu duenak, Hempek alegia, 24 minutu, eta gutxien, Sklepowiczek, bederatzi. Gaur ez dute Andrea Vilaroren superbotereen beharrik izan, ezta Shereesha Richardsen indarrarik ere. Gaur ikusi dugu nola 11 jokalari gazte eta talentuz beteta hel daitezkeen azkeneko jardunaldira indarrez eta grinaz beteta. Aitortu behar dut Liga Dian bigarren talde bat daukadala, Cadi la Seu alegia.

Araski oso nekatuta heldu da azkeneko aldartera. Jokalari gutxirekin hasi ziren eta bidetik bat galdu zuten (fitxaketa bakarra egin zuten Maja eta Romina ordezkatzeko). Izaskunen arazo fisikoak eta jokalari batzuen sasoi ertaina asko nabaritu da bereziki Kopa bukatu zenetik, baina Araskik ez zuen inoiz etsi, eta, setati, playoffetarako sarrera lortu egin dute.

Jakitun gara balentriaren tamainaz? Jakitun gara aurten, berriro ere, Kopa eta playoffak jokatzeko garrantziaz? Balirudike erraza dela, edozein taldek lortu dezakeela, baina ez, ez da batere erraza. Zorionak neskak. Uste dut Liviak merezi zuela horrelako agur bat, taldea amets egin duen lekuan ikusita.

Gasteizko partida festa bat izan beharko litzateke. Futbolean emakumezko Alavesekin gertatu zen legez, Mendi jendez gainezka ikusi nahi dut. Kopan ikusi genuen posiblea dela... Errepika dezagun, merezi baitute!

Bihotz bihotzez... ZORIONAK!

Iruzkinak