13.472





Zenbaki bat baino ez da, eta berez, zenbakiek ez dute ezer esaten. Zenbaki berak batzuetan kopuru txikia adierazten du eta beste batzuetan sinestezina. Gaurkoa, sinestezina da. 13.472 lagun bildu ziren atzo Madrilen bigarren mailako emakumezko saskibaloi partida bat ikustearren. 13.472. Estudiantesek 30 urte betetzen zuen, eta, ospatzeko, Magariñosetik atera eta Wizink Centerera joan ziren. Talde honek bere egunekotasunean 600 bat lagun inguru biltzen baditu ere, erakustaldia mundu osoa zeharkatzen ari da arimak eta kontzientziak astinduz. Hesian taldeak abesten duen legez, “plazandreen iraultza hasi egin da!”


Horrelako keinuak gero eta gehiago ikusten ari gara. Futbolean, San Mames izan zen lehengoa, 48.121 zale bilduta. Pentsa! Izun bat eta guzti jaso izan behar zuen taldeak harmailetan jende gehiegi sartzeagatik! Marka da gero! Anoeta etorri zen gero, 21.000 lagun bilduta euskal derbia jokatzeko. Saskibaloian eta Gasteizen, Erreginaren Koparen finalean, Mendizorrotza jendez gainezka ikusi genuen (3.800 lagun baino gehiago). Gasteiz Irratiak Araskiren partida guztiak zuzenean ematen ditu, eta hori oso keinu polita da baita ere. Gizarteak begiak ireki eta beste mundu berri bat aurkitu du. Emakumezko kirola erakargarria da, eta ondo landuta, negozio bilakatu daiteke. Baina, tamalez, ez dago ondo landuta. Keinuak oso politak izanagatik ere, keinuak baino ez dira.

Emakumezko saskibaloiaren egoerak izan behar lukeenatik oso urrun dago. Tokian tokiko taldea aztertzen badugu, ikus dezakegu nola aurten bi jokalarik (Arrate Agirrek eta Ane Aldalurek) taldea utzi behar izan zuten beraien lana eta kirola ezin uztartuz. Profesionalak izan nahi zuten, baina gaur egun emakumezko saskibaloiak ez du hainbesterako ematen. Hainbat taldek ezin dute entrenamendu arruntak antolatu, hiruzpalau jokalari lanean edo ikasten daudelako, eta gauez entrenatu behar dute. Bidaiatzeko orduan, autobusa eta autobusa, lekutan jokatuta ere… eta askotan (gehienetan) hotelik gabe. Telebistan, partida bat baino ez, eta gainerakoak, Interneten bidez (FEBTVek funtzionatzen duenean). Federazioa? Lehioetan eta selekzioei buruz pentsatzen.

Keinuak oso politak dira, baina keinuak dira. Gauza asko egiteke daude, eta horretarako denok lan egin behar dugu, bakoitzak bere alorrean. Begiak ireki eta keinuen ganora barnera dezagun; kontura gaitezen nola emakumezko saskibaloiarekiko zaletasuna hazten ari den. Lagun diezaiegun egunero eta ez bakarrik egun batean. Keinuak atzean utzi eta maite dugun hori babes dezagun egunero. Merezi baitute.

Iruzkinak