Cadi La Seu ezagutzen




Araskik bere bizitzako kopa jokatuko du Gasteizen, eta aurrean izango duen taldea Cadi La Seu izango da. Cadik ez du Girona edo Perfumeriasen entzutea, baina gauzak oso ondo egiten ari dira eta konfiantza altuarekin helduko da Kopara.

Faboritoa? Baliteke. Araskik baino bost partida gehiago irabazi ditu, eta lehenengo itzulian, Gasteizen, 14 puntuko aldea atera gintuzten. Beraz, bai, faborito soinekoa jarrita helduko dira, baina, horrek zer esan nahi du? Denok dakigun legez, ezer ez! Kopa Gasteizen, gurean jokatuko da, Mendi beteta ikusiko dugu, eta hori gutxi balitz bezala, Araskizaleak ez ezik beste bi euskal taldeko zalegoek ere gure alde egingo dute. Ikusteke dago faboritoa izateak zer dakarren.

Baina nolakoa da Cadi la Seu? Zer jokalari ditu? Nola jokatzen dute? Uste dut gure aurkaria aldez aurretik ezagututa askoz hobeto ikusiko dugula partida, beraz, Mendizorrotzara abiatu baino lehen, bukaeraraino irakurtzea gomendatzen dizuet!

Cadi la Seu oso talde gaztea da, eskarmentu handiko jokalari bi ditu, baina gainerakoak oso gazteak dira, horrek dakarren gauza on eta txarrekin. Hala ere, iragan denboralditik bloke nagusia mantentzea lortu dute, baita entrenatzailea ere. Agian entrenatzailea izan daiteke talde honen giltzarria. Bernat Canut, bigarren entrenatzaile izatetik, behin-behineko entrenatzaile bidea igaro eta taldearen zutabe izatera bilakatu da. Gaztea izan arren, entrenatzaile bikaina. Baina zer nolako taldea kudeatzen du Bernatek? Azter dezagun!

Antolatzaileak

Taldeko antolatzaileak Yurena Diaz eta Zuzanna Sklepowicz dira. Yurenak eramaten du zama nagusia, Cadiren zutabe bat izanda. Zuzanna oso jokalari gaztea da eta bere lehenengo denboraldia da Poloniatik at, beraz laguntzeko dago. Yurena Kanaria Handian hazi eta jokalari itzel bihurtu zen. Dia Ligan ez ezik Frantzian eta Polonian ere jardun zuen Cadi La Seura itzuli baino lehen. Antolatzaile nabarmena da, indartsua, oldarkorra eta jaurtitzaile bikaina (% 45 hirukoetan, taldeko jaurtitzailerik hoberena). Kontu handia izango behar dugu Yurenarekin… Partida on bat jokatzen duen bakoitzean Cadik garaipena lortzeko aukerak biderkatzen ditu. Izaskun Garciarekin lehia zirt edo zartekoa izango da, Izaskunen defentsan giltzarri bat izango baitugu.

Hegalekoak:

Taldeko hegalekoak Andrea Vilaro, Mehrin Kraker eta Irati Etxarri dira. Andrea Vilaro Cadi La Seuren estandartea da. Katalanak bost urte egingo ditu Cadin eta taldearen liderra edo liderretariko bat da. Jaurtiketetan pixka bat irregularra da, baina bolada hartzen duenean partida suntzi dezake. Errebotean eta defentsan asko laguntzen du, eta erantzukizuna hartzeko ez dauka arazorik. Gainera, sasoi betean dago azken partidatan. Mehryn Kraker jaurtitzaile fina da, baina jaurtitzeaz gain beste gauza asko egiten ditu. Oso jokalari indartsua da amerikarra, eta bere bigarren denboraldian konfiantza, ezagutza eta eskarmentu gehiagorekin jokatzen du, eta nabari zaio. Irati Etxarrik osatzen du hirukotea. Ez dugu Irati aurkeztuko, Gasteizen ez baitu aurkezpenik behar baina zer edo zer esatearren, Irati talentu hutsa dela esango nuke, lehundu beharreko diamante bat. Etorikizuna Iratiren izena darama… Kanpotik taldea osatzeko, bi jokalari gazte: Ana Palma eta Ariadna Pujol. Anak ez du ia jokatzen, eta Ariadnak bai, hamar bat minutu jokatzen ditu neurketa bakoitzeko, baina pisu gutxirekin.

Pibotak:

Barrutik, taldeko kapitaina, Georgina Bahi Gironatarrak, Sheeresha Richardsek eta Merritt Hempek zama gehiena eramango dute. “Geo” oso jokalari ona eta eskarmentu handikoa da. Urtero-urtero jokoa hobetu du eta puntu eta errebote gehiago lortzen ditu. Barrutik primeran moldatzen da, bereziki kanpotik barrura sartzen denean, baina hiruko marratik ere sar dezake, eskumutur itzela baitauka. Aste honetan partida bikaina burutu zuen gainera, beraz konfiantza askorekin helduko da. Richards hegaleko pibot txikia? (1,82-1,83) da, baina oso indartsu eta boteretsua. Ez du hiruko marra zapaltzen, baina egian esan ez du behar puntuak lortzeko. Bitxikeria bat aitatzearren Netballetik dator, ez badakizue zer den, youtuben begiratu eta harrituko zarete! (ni benaz harritu nintzen). Baina agian jokalaririk boteretsuena barrutik Merritt Hempe izango litzateke. Altura eta pisu handikoa, barrutik min handia egiten du, bai erasoan zein defentsan. Kanpotik ere jaurti dezake, ez dauka portzentaia mingarririk, baina Umi Diallo barrutik atera dezake eta arazoak sortu. Taldea barrutik Ainninna Aijanen osatzen du, gehiegi ez badu jokatzen ere.

Ikus dezakezuenez, talde luzea eta talentuz beteta. Gasteizko partida ikusita, gogoratzen dut nola Hempek, Geok eta Vilarok min handia egin ziguten erasoan, eta erreboteetan, bikoiztu gintuzten. Yurenak Izaskuni lehia zuzena irabazi zion, bereziki erritmoan, eta Araskiren aldetik, Eduards eta Van del Aden izan ezik, partida kaxkarra egin zuten gainerako jokalari guztiek. Agian hobe… Amorru bizian aterako dira partida hori ahalik eta azkarren ahaz dezagun. Eta ahaztuko dugu, ziur nago!

Zorte on, neskak!

Iruzkinak