Asteburu gogorra igaro
genuen, eta aste gogorra izaten ari da. Saskibaloia alde batera utzita, ikuskizuna
irrati, egunkari eta zahiz beteta dauden telebista solasaldietara eraman du Real
Madrilek, maite dugun hori guztiz kutsatuz. Penagarria, tamalgarria,
onartezina.
Auzo lotsa pasatu
genuen igandean epaileekin. Izugarrizko saskibaloi partida bat ikusita, luzapen
eta guzti, partidaren protagonista bilakatu egin ziren azken minutu esplikaezin
harengatik. Ez ditut hemen azkeneko hiru erabakiak berriro ere azalduko, denok
buruan baitauzkagu, baina ezin izan zuten okerrago jokatu. Epaile batek, zuzeneko
irudi bat ikusita, huts egin dezake, baina telebista eta instant replay lagun,
onartezina da. Ez dut esango propio egin zutenik, ez dut uste eta, baina
konpentsazio legea buruan izan zutela bai, hori bai uste dudala.
Auzo lotsa eman
zuten Real Madrileko jokalariek, bereziki Felipe Reyesek eta Rudy Fernandezek. Aitortu
behar dut salbuespen nabari bat egon zela, Llull alegia, Felipe eta Rudy
garrasika zetozen bitartean 16 puntuko aldea galdu egin zutela gogoraraziz. Eta
auzo lotsa astelehenean jarraitu egin zuen, are eta latzago. Lehenik bideo
manipulatu bat bidaliz, eta gero mehatxuka. Mehatxu onartezinak, isun
eredugarri bat merezi behar izan zutenak. Gezurra badirudi ere, hainbat eta
hainbat titulu irabazi egin dituen talde batek, ez daki galtzen, irabazitako
titulu asko “lapurtu” egin baditu ere (“era campo atrás”).
Auzo lotsa ACB ligak eman duena ere. Berandu eta apal jokatu du, ezer esan gabe, inor
gaitzetsi gabe, harrotasunez jokatuz, antolakuntza (hainbat zaleen iritzietan
kolokan dagoen antolakuntza) eta telebista goraipatuz eta beste alde batera
begira. Antonio, elefante arrosa bat daukazu egongelan, ikusi nahi ez baduzu
ere.
Eta bukatzeko,
auzo lotsa irrati, telebista eta egunkari batzuetan. Auzo lotsa kazetari batzuek
ematen dutena, auzo lotsa nola tratatzen duten saskibaloia, futbola balitz
legez, eta auzo lotsa Real Madrilek daukan indar mediatikoa ikusteak.
Ahaz dezagun
aurtengo Kopa hau ahalik eta azkarren, eta eman diezaiogun saskibaloiari
betidanik izan duen begirunea eta duintasuna.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina