Perasen lan itzela

peras 2

Olentzero joan zaigu, eta ez dakigu mendian lanean ote egongo den, ikatza lantzen do ardoa edaten, baina joan egin da, eta ez du oparirik utzi Buesa Arenan. Aurten taldeak opari bat merezi zuen, ondo merezita gainera. Lan itzela erdiesten ari dira bai jokalariakzein entrenatzailea, Euroligan balantzea orekatu egin dute eta ACB ligan bigarren postuari itsatsita dirudite. Nire lagun batek esaten duen legez… Apaizak hobeto!

Has gaitezen Euroligako sailkapenari begiratu bat egiten. Baina begira diezaiogun ikuspuntu objektibo batetik. Baskoniak 6 partida baino ez ditu jokatu etxean, eta 6 garaipen ditu sailkapenean. Uler dezaket argudio guztiak, baina sinis nazazue, ez dago bat ere gaizki (balantze ona da, benetan). Eta kontuz, datorren hiru partidak kanpoan izango dira berriro ere. Ez dakit zer nolako piztiak egin duen egutegia, baina gerta daiteke sei garaipenekin jarraitzea hiru asteren buruan. Norbaitek pentsa zezakeen Top-8tik at izan gintezkeela, baina ez litzateke egia izango. Hortik aurrera egutegia bidelagun izango dugu, eta Baskoniak hegoak ireki eta hegan egiten hurbilduko da Top-8ra zalantzarik gabe. Keep calm and trust the process. ACB ligak ez du orain garrantzi handirik. Garaipenak oso ondo datozkigu, baina Kopa heldu arte, Euroliga ondo prestatzeko saioak baino ez dira.

Gaurko post honetan, Perasen lana goraipatu nahiko nuke. Ezagutzen nauzutenok badakizue Pedro Martinezen irteera ez zitzaidala bat ere gustatu, eta oraindik ez dudala ondo ulertzen, taldea hobeto joan arren, baina horrek ez du zer ikusirik Perasen lanarekin. Perasek talde desorekatu bat hartu zuen, eta talde horretatik bi jokalari galdu ditu (Granger eta Garino). Ez dakit fitxaketaren bat eskatu ote duen ala ez, ziur aski bai, baina egia esateko ez da inor etorri. Hau da, Perasek Pedroren gabeziak oinordetzan hartu zituen, eta gabezia horirei bi ezusteko gehitu egin dizkio. Edonork ulertu izango zuen taldea sailkapenean hondoratuta izango balitz; aitzitik, burua atera egin du eta borrokarako prest dago. “Caracter Baskonia”.

Hau guztia ondo egon arren, gure helburuak erdiesteko Olentzero menditik jeitsiarazi behar dugu berriro ere, izan ere, gabonak oraindik ez dira amaitu! Baskoniak gabezia nabariak ditu, batzuek argi ikusten direnak eta beste batzuek ez, baina hantxe daude. Ez dakit Olentzerorekin estaliko ote ditugun, edo errege magoei itxaron egin beharko diegun, baina ziur naiz ahalik eta azkarren jokalariren bat (edo bi) ekarriko di(zki)gutela .
granger

Itxaroten dugun bitartean, gaur arratsaldean aukera bikaina daukagu Bartzelonaren aurka galdu genuen norgehiagoka berreskuratzeko. Eta urtea bukatu baino lehen, Buesa Arena bete batean benaz gozatuko dugu Real Madrilen aurka. Azken finean, saskibaloia gozatzea baino ez da, eta talde honekin, nik behintzat, gozatzen dut.

"Bajo la cúpula" blogean argitaratua

Iruzkinak