Ez dago nekerik



Gaurko sarrera hasi baino lehen, Aitorri eskerrak eman nahi dizkiot. Batzuetan, sare sozialetan gauza liluragarriak gertatzen dira, eta niri gertatu zitzaizkidan. Aitorrek nire testuak euskara aldetik zuzentzeko laguntza eskaini zidan, eta noski, baiezkoa eman nion! Mila esker!!

1. Baskonia. Ez dago nekerik

Behinola, bazen Gasteizen entrenatzaile bat nekerik ez dagoela zioena. Garai hartako Baskoniazale askok horrelakoak barneratu genituen, eta mentalitatea eta nortasuna nekea baino garrantzitsuagoak zirela sinetsita bizi. Atzo, hala ere, talde luze bat izatearen garrantzia erakutsi zigun Bartzelonak, eta mailuak iltzea bezala zanpatu zuen taldea. Agian beste epaile mota batekin mailukadak eramangarriagoak lirateke, baino atzoko hirukotearekin, jai. Ez nintzen gehiegi harritu, litekeena zen; denbora gehiegi daramatza Baskoniak zazpi-zortzi jokalarirekin sekulakoak egiten, baina begibistakoa zen bolada agortzeke zela. Nekea nabaritzekotan, ACB ligan bada, hobe.

Lau aste barru Kopa helduko da (Estudiantes ortzimugan), eta zortzi jokalarirekin aurkeztuz gero, Kopa galtzeaz gain, arrisku handia dugu zazpi jokalarirekin itzultzeko. Nik ez dakit Garinoren lesio berria larria den ala ez, baina denboraldia pikutara bidaltzeko zorian gaude, denbora gehiegi egoteagatik zortzi gizon hauek birrintzen.

2. Baskonia. Balantzea orekatu.

Euroligan, ostiraleko garaipenak Top-8an egoteko aukerak ireki zizkigun. Argi dago 6-7 talderen artean bi postu lehian izango direla, besteak beste, Milan eta Baskonia bera. Ostiraleko garaipen bikoitzak (partidak eta puntuen aldeak, alegia) zazpigarren utzi gaitu 9-10eko balantzearekin. Gogoan izan iaz, Top-8an sartzeko, 16 partida irabazi behar izan genituela. Eta seguruenera aurten 6 garaipenekin nahikoa izango den arren, aurreko sasoiko kalkuluetarako, zazpi partida gehiago behar ditugu. Alde dugu, zazpi partida Gasteizen jokatuko ditugula. Top-8ko giltzarria, beraz, Buesa Arenan dago, kanpoan beste partidaren bat edo bi irabazteko aukera handiak baditugu ere.

3. Araski. 30 minutu amets egiteko.

Hiru laurdenez ametsetan. Araskik jokatutako 30 minutu horiek lortu dezaketen maila iradokitzen digute. Han ikusi genuen Van den Adelek berak dakien moduan jokatzen, Robersonek hirukoak sartzen, Bintak denetarik egiten eta Edwardsek talde-buru izaten. Gero, jarraitasun eza agertu eta partida maldan gora jarri zen, aurretik Quesos el Pastoren aurka gertatu bezala. Zorionez azkeneko jaurtiketa hori ez zen sartu eta Araskik urrezko garaipena lortu zuen Lugon. Madek aurretik daukan lana jarraikortasun hori lortzea da. Horretarako, agian, jokalari gehiago edukitzea ezinbestekoa litzateke.

Azkeneko ildo horretatik, Maja Vucurovicek taldea utzi zuen larunbatean. Araskiren udako bi fitxaketa nagusiak ez dute behar zutena eman, eta biak ala biak (Romina eta Maja) taldea utzi behar izan dute. Askotan erakutsi dute (baita aurten ere) jaioak direla taldea berrindartzen. Binta Drahmme, adibidez, heldu bezain laster garrantzitsua bilakatu da. Hurrengo fitxaketa nor den jakiteko zain gaude!

4. Araberri. Garaipen itzela.

Araberrik Melillan egindakoa itzela izan zen. Zalantza handiz heltzen zen taldea, bidai luze bat egin eta gero eta sei partida jarrian galdu eta gero, eta partidaren hasiera latza izan zen gasteiztarrentzat. Baina Araberrik, setati, irabazi egin nahi zuen eta bigarren zati ikaragarria egin zuen. Garaipen horrekin boladari agur esan eta bigarren itzulia ilusio handiarekin hasi dira.

Baina ospakizunik ez! Gaur gauean Paco Garciaren taldea hartuko du Araberrik Mendin, etsai zuzena bi garaipen gehiagorekin badago ere. Taldeak kalitatea eta morala topera dauka. Nahikoa izango ote da? Denok Mendira!!

Iruzkinak