Gaur “Baskonia zainetan” jaio da, euskara bultzatzeko egitasmo berri bat,
non saskibaloia (Baskonia beriziki, baina Araski eta Araberri baita ere) eta
euskara lotu nahi ditudan.
Egitasmoaren xedea, beraz, euskara kirol eremuan bultzatzea izango
litzateke. Gure hirian asko idazten eta mintzatzen da saskibaloiari buruz;
irratsaio, egunkari, kazetari eta esatari itzelak ditugu, saskibaloia benaz
ondo aztertzen dutenak, baina salbuespenak salbuespen, normalean gaztelaniaz jarduten
dute. Halaber, zaleak aktibo dira oso sare sozialetan, aburu eta iruzkin ugari
eta landuak egiten baitituzte, baina, berriro ere, zale gutxi batzuk
gorabehera, gaztelera da erabiltzen duten hizkuntza.
Hala ere, azken bolada honetan eta Euskaraldiaren bultzadaren eraginez,
gero eta mezu gehiago euskaraz ikusten ari naiz, baita euskarekiko
sentsibilitate gehiago ere. Egitasmoak fluxu hau hartu, kanalizatu eta
ikusgaitasuna eman nahi dio egitasmoak, euskal saskibaloi komunitate berri bat
sortu eta ahalik eta gehien handitu.
“Baskonia zainetan” hiru alderdi nagusi izango ditu:
1. “Baskonia zainetan” bloga. Izena ez da ustekabekoa, antzinako
“Baskonia en vena”-tik baitator. Hasieran zerotik hastea pentsatu nuen, euskara
hutsean, baina ondo aztertu eta gero, pena handia ematen zidan 2006tik 2015era
arte idatzitako artikulu bilduma galtzea, 593 artikulu guztira. Artikulu horiek
nire oinordetza dira, beste aro bateko aztarna, beste era batera idatzitako
ondarea. Agian ez da asko, baina niretzat garrantzi handia dauka. “Baskonia
zainetan”, aldiz, era bat ezberdina izango da formatu aldetik, gizartea eta
elkarri eragiketak eraldatu baitira. Idatziko ditudan artikuluak motzagoak eta
zehatzagoak izango dira; lau puntu aztertuko ditut post bakoitzeko, bi
Baskoniarentzat, eta puntu bana Araski eta Araberrirentzat. Artikuluak
eztabaida sortzeko izango dira, eta eztabaida horiek Twitter eta foro berrira
bideratu nahiko nituzke, formatu aproposagoak baitira debaterako.
2. “Baskonia zainetan” foroa
eta twitter zerrenda. Blog bat noranzko bakarrekoa
da, eta egitasmoak bilatzen duena justu kontrakoa da, hots, interakzioa, ahalik
eta zabalen. Xedea hedapena da, bakoitzak duen euskara maila duela. Hau ez da
EGA azterketa bat, ez gaude euskara perfektu baten bila. Jendeak lasai jardun
dezake foro hauetan, inork ez du euskara maila epaituko eta. Xede hau
bideratzeko bi baliabide abian jarriko ditut euskaraz eztabaidatzeko:
- Twitter zerrenda bat, publikoa, eta edonorentzat
eskuragai. Jadanik euskaraz aritzen garenok osatuko dugu zerrenda hasieran,
baina poliki-poliki haztea eta handitzea espero dut, eta eskatzen duen
edonor zerrenda barruan sartuko dut. Zerrenda horretan denek euskara
dakitela ziurtatzen da, beraz zerrenda horretako edonorekin elkarri
eragiteko euskara erabili ahal da.
- “Baskonia zainetan” foroa. Agian foro formatua ez da Twitter
bezain dinamikoa, baina ahalbidetzen du elkarri eragiketa guztiak euskaraz
egitea, eta eremu jakin horretan euskara nagusia izatea. Horregatik foro
bat abian jarri dut, non Baskoniak, Araskik eta Araberrik atal berezkoak
izango dituzten. Foro honetan euskara hutsean jardutea ezinbestekoa izango
da.
Alderdi pertsonal bat izango
du baita ere egitasmoak,
eztabaida foroa mundu birtualetik kalera, tabernetara edo mendira
ateratzearren. Horretarako Mintzalagunaren entzute handiko formatuan
oinarriturik, topaketa batzuk antolatuko ditugu. Topaketa horietan, saskibaloia
lagun, aurrez aurre mintzatuko gara eta egunero hitz egiten diogun horri
aurpegia jarriko diogu. Topaketa hauek irekiak izango dira eta aldez aurretik
iragarriko dira, ahalik eta jende gehien lortzearren. Topakeetera etortzeko
baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko ahalmena izatea eta saskibaloiari
buruz mintzatzeko asmoekin etortzea izango dira. Topaketa batzuetan gai irekiak
jorratuko, eta beste batzuetan gai finkoak aztertuko ditugu, hala nola Erreginaren
Kopa aurretik Araski buruzko topaketa bat, Lauko Finala aurretik, Baskonia
buruzko topaketa bat, eta abar.
Hau da, euskara saskibaloian zabaltzeko eta saskibaloia euskaraz bizitzeko
egitasmo berri bat. Gurekin elkartu nahi? Zatoz!
Egitasmo bikaina, Joseba! Gasteizen bazuen horrelako zerbaiten beharra! Saskibaloia euskaraz, bai horixe! Biba zu!
ErantzunEzabatuMila esker!!!
EzabatuEderra! Euskeraz aldian behin Baskoniari buruz Twitterren idazten dugunok #baskoniazainetan edo antzekoren bat erabili genezake guztia bateratzeko (?)
ErantzunEzabatuDena da gutxi euskararen aldekoa bada. Gure hiri hau oso lotuta dago kirolarekin orokorrean eta Baskoniarekin zehazki, eta hórrela izanda egitasmo interesantea iruditzen zait, nola ez. Hori bai, Baskoniaren inguruan dena ez da ederra, dena ez da positiboa, gestio kapitalista, espekulatzailea, laboralki esplotatzailea, harrobi gabekoa, eta horretaz ere hitz egin beharko da. Euskara ederra da, baina hain ederrak ez diren gauzetaz ere mintzatzeko jaioa.
ErantzunEzabatuBada, arrazoia daukazu. Dena ez da polita, eta noski, etxe guztietan bezala, denetarik dago. Noski, nahi duzunari buruz hitz egin dezakezu hemendik, baita sare sozialetan ere! Mila esker!!!
Ezabatu