Balentriaz balentria





Tiro librea. Baskonia

Euroliga talde bat ostiralean eta Kopa txartel baten bila dabilen ACB talde bat. Biak ala biak burua makurtu egin dute zazpi jokalari talde baten aurka. Balentria, egitandia… Bakoitzak nahi duen izena jar dezala, baina Perasen mutilek lortzen ari dutena ez da huskeria bat. Gauza asko gertatu dira 2019an taldean, eta poliki-poliki taldea jokalariak galtzen joan da. Orain denboraldiaren momentu zirt edo zartekoan gaude, non Euroligako Top-8ra sar gaitezkeen, eta taldeak erantzun irmoa ematen ari da. Perasen lan itzela islatzen da, zalantzarik gabe.

Datorren ostiralean Baskoniak Milan hartuko du, eta garaipenak balio bikoitza izango du, aurkari zuzena baita. Gogora dezagun gaur egun Baskonia Top-8an sartuta dagoela, eta egutegia gure alde daukagula.

Bikoa. Baskonia.

Nunnally bai, Nunnally ez... Baskoniak fitxaketak behar ditu, egia, baina gure negarrek ez dute ezertarako balio. Etortzen dena etortzen dela han barruan dauden zazpi-zortzi jokalari horiek irabazi edo galduko dute Milanen aurka. Nik behintzat, fitxaketei buruz ez dut gehiago hitz egingo, nekatuta bainago.

Bi gehi bat. Araski

Araskik Embutidos Pajarielekin galdu egin zuen. Partida ikusten saiatu nintzen, baina ez zen batere erraza izan. Ez dakit nire konexioa izan zen edo denoi gauza bera gertatu zitzaigun, baina bigarren zatiko irudiak joan-etortzen ziren uneoro. Hala ere, partida ikusi nuen, eta ondorio batzuk atera ditzaket. Bintak erantzukizuna hartzeko prest dirudi, une batzuetan gehiegi jaurtiki bazuen ere. Baina ondorio latzena izan zen jokalari batzuen momentu txarra. Aulkitik atera ziren jokalariek, Binta izan ezik, oso gutxi eman zuten taldera, eta pauso bat aurrera ematea espero dugu guztiok. Halaber, Van del Adel bere maila hobekienetik urrun dago, eta taldeak bere puntuak behar ditu ezinbestean. Datorren astean, berriro ere kanpoan jokatuko dute, Lugon, aurkari zuzen batekin. Zorte on, neskak!

Bestalde, atzo Kopa zozketa egin zen. Araskik Perfumerias eta Girona saihestu zituen lehenengo kanporaketan, beraz, zozketa ona. Baina horri buruz lasaiago hitz egingo dut datorren astean.

Hirukoa. Araberri

Araberrik berriro ere galdu zuen, seigarrena jarraian. Lehenengo itzulia bukatu eta gero hamalaugarren daude, bost garaipenekin, eta jeitsiera postuetatik gertu. Hala ere, talde ugari daude egoera berean, eta baikorra naiz. Datorren partida Melillaren aurka jokatuko dute, aurkari latza, baina esnatzeko ordua heldu da. Aurten Melillakoak ez dabiltza beste urteetan bezain ondo, baina hala ere oso zaila izango da.

Bestalde, Niksha Alexander Federico-Azadek italiako pasaportea lortu du, eta taldea indartzeko aukerak ireki ditu. Ikusiko dugu ea agintariek beste fitxaketaren bat ekartzen duten ala ez.

Iruzkinak