Denboraldi berri baten aurrean aurkitzen gara berriro, baina ez da izango beste denboraldi arrunt bat, “denboraldia” baizik. Bai horixe, aurten Final 4a Gasteizen jokatuko da, eta Baskoniak hantxe egon nahi du, gurean.
Hainbat eta hainbat artikuluk eta irrati saiok aztertu dituzte aurtengo jokalariak, zer nolako aldaketak egon diren edo zer esan nahi duen “jarraitasuna”, beraz, ez dut hortik sakonduko, baina gutxik ikusi ditut aztertzen gure benetako aukerak final-4era heltzeko, eta gai horri heldu nahi nioke. Horretarako, ikusten ditudan lau mehatxuak iragarriko ditut, denok buruan izan ditzagun:
- Aurredenboraldia. Lehenengo mehatxua aurredenboraldi eza izango litzateke. Beste urte batzuetan, talde guztiek arazo berbera zeukaten (Baskoniak ere bai). Fibak antolatzen dituen lehiaketa ofizialetara (mundobasket, eurobasket eta abar) jokalari gehienak joaten dira, eta goi milako talde gehienek arazo berberarekin topa egiten dute. Aurten, berriz, Fiba Leihoen eraginez, gauzak era bat aldatu dira, eta goi mailako talde gehienek, salbuespenak salbuespen, jokalariei debekatu diete “bolo” horietara joatea. Niretzat ustekabe itzela izan zen Baskoniak lehengo taldearen 8 jokalariei baimena eman zienenan, ez nuen espero. Pedro Martinezek publikoki kexatu da, eta arrazoi guztia dauka; Aurredenboraldia pikutara bidali du Baskoniak astebete honetan. Bitartean, Bartzelonak, Real Madrilek eta abar, beraien aurredenboraldiekin jarraitu ahal izan dute. Zer eragin izan dezake arazo honek? Batek daki, agian ezer ere ez, agian asko, baina komeni zaigu ez ahaztea. Jokalari guztiek onik itzultzea “bolo” horietatik baino ez dut espero.
- Egutegia. Baskoniari egokitu zaion egutegia latza da gero! Lehenengo 13 partidatik, 5 baino ez ditugu etxean jokatuko, eta 5 horietatik hiruk iazko final 4a jokatu zuten; Olympiakos, Fenerbahce eta CSKA hurrenez hurren. Egutegiak badakigu nola diren, azken finean denen kontra etxean eta kanpoan jokatuko dugu, baina hasiera on edo txar bat edukitzea oso garrantzitsua da. Ez badidazue sinisten, galdeiezue Pablo Prigioniri. Espero dezagun taldeak pazientzia edukitzea eta bere garaia itxarotea dramarik gabe.
- Eskarmentu eza. Nik ez dakit Shields Timma baino hobea den ala ez, edo Darrun Hillard Beabois baino erabakigarriagoa. Penavak ere, Malmanisek baino prestakuntza gehiago izan ditzake? Batek daki! Hala ere, dakidana da heldu diren jokalariek atera direnek baino eskarmentu txikiagoa dutela. Ezagun da ez dagoela lotura jakin bat eskarmentua eta emaitzen artean, baina kontuan izan behar dugu arazo hau, garrantzi erlatiboa badu ere.
- Presioa. Bakoitzak jakin beharko luke zein handia den norberaren presioaren zama, eta zer nolako gihar duen zama hori pairatzeko. Berriki atera da nola kudeatzen duten zama hori beste talde batzuk; Real Madrilek, adibidez, zama hori eusteko 30 milioi jarri (galdu) zuen mahai gainean iaz. Fenerbahcek 18 milioi galdu zituen orain bi urte (txapeldun izan zirenean), eta iaz 8,5 milioi. Bartzelonak 27,7 milioi 2017an. Baina Baskoniak ez du horrelako giharrik. Alaves taldea lehenengo mailan dagoenetik, aurrekontuak hobeto dabiltza, baina ez hain ondo. Beste maila batean jokatzen dugu zalantzarik gabe. Horrek ez du esan nahi final 4era ezin garela heldu, baina argi izan behar dugu denok ez dela erraza izango, eta gauzak oso ondo egiteaz gain, zorte pixka bat guztiz beharrezkoa izango dela. Presioa ona da, eta denok ikusi nahi dugu Baskonia Gasteizko Final 4a jokatzen, baina horrek ez gaitzala erotu. Iaz Zalgirisek lortu zuen, aurten guk ere lortu dezakegu, baina zama ondo kudea dezagun.
Aupa Baskonia!
"bajo la cúpula" blogean argitaratua
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina